2.10.2. Prestazio ekonomikoak
Adierazi dugunez, AMALek Gizarte Zerbitzuen Sareak eskainitako zerbitzuei (zerbitzu eta zentro publikoak eta pribatu itunduak) ematen die lehentasuna prestazio hauen aurretik. Hala ere, zerbitzu haietako baten bidez arreta ematerik ez dagoenean, dirutako prestazioak onartzea aurreikusten da arretak eragindako gastuak ordaintzeko.
AMALen jasotzen diren prestazio ekonomikorik esanguratsuenak zerbitzuari lotutako prestazioa (ZLP), familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPPE) dira.
Prestazio ekonomiko horietako bat jasotzeak gizarte babeseko araubide publikoetan ezarritako antzeko izaera eta xedeko beste edozein prestazioren zenbatekoan hura kentzea dakar[44]. Kenketa hori hiru foru aldundiek jaso dute legea garatzeko dekretuetan.
AMASen prestazio ekonomikoen zenbatekoa Estatuko Gobernuak ezartzen du urtero, Errege Dekretuaren bidez, Lurralde Batzordeak erabaki ondoren, prestazioetarako eskubidea duten gradu eta mailetarako, eta KPIren igoeraren arabera eguneratzen da. Hala ere, autonomia erkidegoan eskumena duen administrazioak –guri dagokigunez, lurralde historiko bakoitzak– maila gehigarria xeda dezake. Ondoren aztertuko dugunez, Arabako Lurralde Historikoak erabili du ahalmen hori bereziki.
AMALek xedatzen duenez, onuradun bakoitzari onartutako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa gaitasun ekonomikoa aintzat hartuz kalkulatuko da; horretarako, urtean-urtean indarrean dagoen zenbatekoari koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaio, eskumena duen Autonomia Erkidegoak edo Administrazioak xedatutakoaren arabera eta Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak erabakitakoa kontuan hartuz (AMALeko zerbitzuen babes intentsitateak eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa erabakitzeko irizpideei buruzko ekainaren 8ko 727/2007 Errege Dekretuko 13.2 artikulua). Hala ere, EAEn, jarraian ikusiko dugunez, foru aldundiek ez dute beti hartu aintzat mendeko pertsonaren gaitasun ekonomikoa haren prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko.
Adierazi denez, prestazioen eraginkortasuna mailaka gertatzen da, hura ezartzeko aurreikusitako egutegiaren arabera. Horrela:
– 2007rako, III. graduko 2 eta 1. mailei dagozkien prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak aipatu 727/2007 Errege Dekretuaren bidez ezarri ziren.
– 2008an, III. graduko 2 eta 1. mailei eta II. graduko 2. mailari dagozkien prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak urtarrilaren 11ko 7/2008 Errege Dekretuak onartu zituen.
– 2009rako, urtarrilaren 30eko 73/2009 Errege Dekretuak erabaki zituen III. graduko 2 eta 1. mailei eta II. graduko 2 eta 1. mailei dagozkien prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak.
– Martxoaren 26ko 374/2010 Errege Dekretuak gradu eta maila horietako 2010erako zenbatekoak ezarri ditu.
727/2007 Errege Dekretuaren arabera, prestazio ekonomikoak eskuratzeko betekizunak eta baldintzak autonomia erkidegoek edo eskumena duen administrazioak ezarriko dituzte, AMASen Lurralde Batzordeak hartutako erabakian xedatutakoa kontuan hartuta. I. graduko mendetasuneko egoeran jotako pertsonentzako zerbitzuen babes intentsitateak eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa zehazteko irizpideei buruzko erabakian –Gizarte Politikaren eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko azaroaren 4ko ebazpenaren bidez argitaratua–, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa eskuratzeko gutxieneko baldintzak ezarri eta familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa eskuratzeko betekizunen eta baldintzen arauketa gehiago zehaztu da, AMALen aldarrikatutako izaera berezia emateko xedez.
Hiru euskal aldundiek arduraz arautu dituzte prestazio horiek, Bizkaian zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoari dagokion araudiaren argitalpena gehiegi atzeratu bazen ere (hiru urte eta erdi AMAL indarrean sartu ondoren). Honako koadroan AMAL indarrean sartu zenetik prestazio ekonomikoei buruz eman diren xedapenak jaso ditugu.
|
PRESTAZIO EKONOMIKOAK |
||
|
Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPPE) |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa (ZLPE) |
ARABAKO FORU ALDUNDIA |
70/2007 Foru Dekretua, urriaren 23koa, mendetasuneko egoeran dauden pertsonak familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa arautzen duena 8/2008 Foru Dekretua, otsailaren 5ekoa, Arabako Lurralde Historikoan familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa arautzen duen urriaren 23ko 70/2007 Foru Dekretuko 9. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatzen duena. 9/2009 Foru Dekretua, otsailaren 3koa, urriaren 23ko 70/2007 eta abenduaren 30eko 115/2008 Foru Dekretuek onartutako familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa aldatu eta 2009rako eguneratzen duena. 40/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 3koa, Norberaren Autonomia Sustatu eta Mendetasuneko Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea garatuz familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren araudia onartzen duena. |
11/2008 Foru Dekretua, otsailaren 12koa, Norberaren Autonomia Sustatu eta Mendetasuneko Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea garatuz laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren araudia onartzen duena. |
24/2008 Foru Dekretua, apirilaren 8koa, Norberaren Autonomia Sustatu eta Mendetasuneko Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutako zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren araudia onartzen duena. |
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA |
98/2007 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, familia inguruneko zaintzetarako prestazioa arautzen duena.
198/2007 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, familia inguruneko zaintzetarako prestazioa arautzen duen ekainaren 19ko 98/2007 Foru Dekretua aldatzen duena. |
99/2007 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen duena.
199/2007 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, laguntza pertsonalerako prestazioa arautzen duen ekainaren 19ko 99/2007 Foru Dekretua aldatzen duena. |
90/2010 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, mendeko pertsonentzako foru egoitza-zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa arautzen duena. 117/2010 Foru Dekretua, azaroaren 9koa, mendeko pertsonentzako foru egoitza-zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa arautzen duen ekainaren 29ko 90/2010 Foru Dekretua aldatzen duena. |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA |
133/2007 Foru Dekretua, azaroaren 20koa, Norberaren Autonomia Sustatu eta Mendetasuneko Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko prestazio ekonomikoak arautzen dituena. 25/2009 Foru Dekretua, uztailaren 21ekoa, Norberaren Autonomia Sustatu eta Mendetasuneko Pertsonei Arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko prestazio ekonomikoak arautzen dituena. |
Dekretu horiek zenbait alderdi arautu dituzte, hala nola prestazioak eskuratzeko betekizunak eta baldintzak, bateragarritasunen araubidea, zenbatekoa erabakitzeko irizpideak, prestazio horietarako eskubidea aldatzea, etetea eta amaitzea, ondorio ekonomikoak edo ordaintzeko modua. Jarraian, interesgarriak deritzegun zenbait alderdiri helduko diegu, bereziki, aplikazio desberdintasunak erakusten dituzten puntuei.
a) Zerbitzuari lotutako prestazioa (ZLP)
ZLP aldian aldiko prestazioa da eta, mendetasun gradu eta mailaren eta onuradunaren gaitasun ekonomikoaren arabera ezarritakoaren arabera, zerbitzu pribatu baten arretagatik egindako gastua ordaintzen du, Administrazioak pertsonari zerbitzu horretarako eskubidea onartu baina arreta eta zaintzako zentro publiko edo pribatu-itunduetan plazarik ez egoteagatik ezin eskain diezaiokeenean.
Aurreikusita dago herri-administrazioek prestazioa eman zen xedea betetzeko erabiltzen dela ikuskatzea.
Adierazi dugunez, AMASen Lurralde Batzordeak prestazio hori eskuratzeko gutxieneko baldintza batzuk erabaki ditu (2010eko azaroaren 4ko Ebazpena):
– "Prestazioa lotzen den zerbitzua edo zerbitzuak eskuratzeko xedatutako berariazko betekizunak betetzea.
– Plaza edo prestazioa mendetasunarentzako arretarako behar ziurtagiria duen zentro edo zerbitzuan izatea.
– Banakako arretarako programan prestazio horren egokitasuna eta zerbitzuaren intentsitatea ezarrita egotea, erabaki honetan mendetasun arineko egoerarako intentsitateei buruz ezarritako irizpideen arabera".
Gure erkidegoan ZLPk bilatzen dituen antzeko helburuetarako laguntzen aurrekariak daude, logikoki, diru-laguntzak direnak. Horrela, Arabako Aldundiak 2003az geroztik egoitza pribatuetan sartzeko/ mendeko pertsonak sare publikoaz kanpoko egoitza-zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan aldi baterako sartzeko laguntza ekonomikoetarako programa bat zeukan. Programa 2007an aldatu eta 2008an indargabetu zen, ZLP abiatu zenean. Gipuzkoari dagokionez, antzeko programa zebilen 2005az geroztik, baina Oarsoaldeko eta Bidasoako eskualdeetako bizilagunentzat baino ez zen. Onuradunei AMALetik eratorritako prestazio ekonomikoak arautzeko dekretua onartu zenetik sei hileko epean laguntza horien eta ZLPren artean hautatzeko aukera eman zitzaien. Bizkaiak, 2001az geroztik, mendetasuneko egoeran dauden adinekoentzako laguntzak dauzka, titulartasun publiko edo pribatuko eguneko egoitzetan sartzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2007ko amai aldera, egungo uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretua indarrean sartu arte hiru prestazio ekonomikoak arautuko zituen araudia argitaratu zuen. Araban, indarrean dago 53/2007 Foru Dekretua indargabetu zuen otsailaren 12ko 24/2008 Foru Dekretua. Bertan, Aldundiak aurreikusten zuen antzeko laguntza arautu zen adinekoak sare publikoaz kanpoko egoitzetan sartzeko[45]. Adierazi dugunez, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zuen prestazio horren arauketa argitaratu 2010eko uztaila arte (ekainaren 29ko 20/2010 Foru Dekretua, azaroaren 9ko 117/2010 eta azaroaren 23ko 132/2010 foru dekretuek partzialki aldatua). Erakunde honek izapidetutako kexen azterketari buruzko atalean arauketa horren faltak eragiten zuen arazoari helduko diogu.
Hiru lurraldeen artean aurkitu dugun lehenengo desberdintasun azpimarragarria ZLPk ordaindutako zerbitzuei buruzkoa da. Bizkaian, egonaldi iraunkorreko zein aldi baterako egoitza-arretak eragindako gastuei aurre egiteko prestazioa baino ez da onartuko[46]. Araban eta Gipuzkoan, egoitza-arretari dagokiona ez ezik, eguneko egoitza edo eguneko arreta zerbitzuen gastuak ere ordain daitezke. Hala ere, azken lurralde biotan, kostua ordaintzea onartzen den egoitza-arretaren izaera iraunkorra baino ez da aipatzen.
Dekretuak hitzez hitz hartuta, ondorioztatzen da prestazio hori jasotzea bateraezina dela beste edozein prestazio ekonomikorekin. Egoitza-arretari dagokionez, egokia dirudi zerbitzuari lotutako prestazioa familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa jasotzearekin bateraezina izateak. ZLPk ordaintzen duena, ordea, eguneko egoitzako arreta bada (Araban eta Gipuzkoan gertatu legez), zalantzan jar liteke bateraezintasun horren egokitasuna, aintzat hartzen badugu eguneko arreta eta FIZPE bateragarriak direla hura foru sareak ematen duenean (zenbatekoak kenketa izan arren).
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehazten du pertsonak itxarote-zerrendan hiru hiletik gora badarama, edo dagokion lurralde esparruan baliabide hori ez badago (dekretuan zerbitzu mota bakoitzerako lurralde esparru eremutzat jotzen dena adierazten da[47]), zerbitzu publikoa edo itundua eskuratzea ezinezkoa dela ulertu eta prestazioa onartuko da. Arabako aldundiak ez du alderdi hori zehazten, baina bere dekretuko 11. artikuluan adierazten duenez, prestazio ekonomikoaren ondorio ekonomikoak prestazio ekonomikoa lotzen den zerbitzua jaso den hilabetera atzera eramango dela, eta ondorioak ez direla inoiz mendetasunaren balorazioa eskatu den hilabetea baino lehenagokoak izango.
Bizkaian, prestazioa "mendeko adinekoentzako foru egoitza-zerbitzu publikoan edo minusbaliotasuna duten pertsonentzako foru egoitza-zerbitzu batean sartutako zentro batean sartzea ezinezkoa denean eta pertsona mendeko pertsonentzako arretarako zentro batean sartzeko Minusbaliotasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuko itxarote-zerrendan dagoenean onartuko da"; beraz,ondoriozta daiteke ez dela itxarote-zerrendan denbora zehatzik eskatzen. Bestalde, lehenengo xedapen iragankorrak honakoa xedatzen du: "Foru Dekretu hau indarrean sartzen den unean foru egoitza-zerbitzuetan sartzeko itxarote-zerrendan dauden pertsonek zerbitzuari lotutako prestaziorako eskubidea izango dute, Gizarte Ekintza
ren diputatuaren Foru Aginduak ezarritako zenbateko eta baldintzen arabera eta egoitza-arretarako eta prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea arautzen duen berariazko legedian xedatutakoaren arabera". Foru Agindu hori hilabeteko epean eman beharko da, Dekretua indarrean sartzen denetik (2010eko uztailaren 3a).
Arabako aldundiak, salbuespenez, EAEko beste lurraldeetako egoitzetan sartzeko prestazioa onartzeko aukera jasotzen du. Kasu horretan, prestaziorako eskubidea urtebetera mugatzen du, baina urtero luza daiteke plazarik gabe jarraituz gero. Etxebizitza komunitarioen erabiltzaileei ere zabaltzen die prestazioa jasotzeko aukera eta horretarako bete behar dituzten betekizunak ezartzen ditu. Gipuzkoak ere onartzen du lurraldetik kanpo dauden zentroetarako prestazioa (ez du EAEra mugatzen) eta gehienez ere 6 hileko epea ezartzen du.
Hiru aldundiek arautu dute prestazioaren hileko zenbatekoa ezartzeko modua. Prestazioaren zenbatekoa ezingo da inoiz zerbitzuaren benetako kostua baino handiagoa izan. Gipuzkoan, Diputatuen Kontseiluaren Erabakiaren bidez, gehienezko zenbatekoak ezarri dira (estatu esparruan ezarritakoekin bat etorri dira, bai prestazio honetan bai FIZPEn bai LPPEn)[48]. Zenbateko horiek onuradunaren errendimenduen arabera murritz daitezke:
ONURADUNAREN |
ONURADUNAK JASOTZEN DUEN GEHIENEZKO ZENBATEKOAREN EHUNEKOA |
LGSren %400 baino gehiago |
%70 |
LGSren %300,1 eta %400 artean |
%80 |
LGSren %250,1 eta %300 artean |
%90 |
LGSren %250 edo gutxiago |
%100 |
Araban, prestazioaren gehienezko zenbatekoa estatuko legediak xedatutakoarekin bat dator. Arabako Lurralde Historikoan prestazio eskabidearen data baino lehentxeago hiru urtez jarraian erroldatuta egotea frogatu dutenek, ordea, zenbateko nahiko handiagoa jaso dute (%20-27tik are halako bi baino gehiagora) eta prestazio hori jasotzeko eskubidea luzatu zaie mendetasun gradu-maila AMAL ezartzeko egutegiaren arabera eraginkorra izan ez arren[49. Gehienezko zenbatekoari koefiziente murriztaileak aplikatzen zaizkio onuradunaren hileko errentaren eta ondarearen arabera.
|
ONDAREA (eurotan) |
||||
Hileko per capita errenta |
120.202,42 € baino gutxiago |
120.202,43 - 150.253,03 € |
150.253,04 - 180.303,63 € |
180.303,64 - 210.354,24 € |
210.354,25 € baino gehiago |
LGSren %400 |
0,70 |
0,65 |
0,60 |
0,55 |
0,50 |
LGSren %300, |
0,80 |
0,75 |
0,70 |
0,65 |
0,60 |
LGSren %250, |
0,90 |
0,85 |
0,80 |
0,75 |
0,70 |
LGSren %200, |
1 |
0,95 |
0,90 |
0,85 |
0,80 |
LGSren %200 baino gutxiago |
1 |
1 |
1 |
1 |
0,90 |
Bizkaiko Foru Aldundiak, prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko, Estatu mailan ezarritako gehienezko zenbatekoa zuzenean hartu eta formula batetik ateratako ehunekoa aplikatzen dio. Formula horretan onuradunaren gaitasun ekonomikoa hartzen da kontuan[50]. Era berean, gaitasun ekonomikoa foru egoitza-zerbitzu publikoaren prezio publikoa arautzen duen legedian aplikatzen diren arauen arabera ezartzen da.
b) Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE)
Prestazio hau salbuespenez onartzen da, onuradunari bere familia inguruneak ematen dionean arreta eta etxebizitzan elkarbizitza eta bizigarritasun baldintza egokiak betetzen direnean, BAPek horrela ezarri badu.
Zaintzaile ez profesionalak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren aplikazio eremuan sartzen dira, altarekin parekatutako egoeran, mendetasuneko egoeran dauden pertsonen zaintzaileen Gizarte Segurantza arautzen duen maiatzaren 11ko 615/2007 Errege Dekretuan jasotako hitzarmen berezia sinatuz[51]. Altarekin parekatzeko egoera erretiro eta edozein motatako istriputik edo edozein motatako gaixotasunetik eratorritako ezintasun iraunkor, heriotza eta biziraupen prestazioen ondorioetarako da halakoa. Ez ditu, beraz, beste egoera batzuk, hala nola ezintasun iragankorra edo langabezia, estaltzen.
Egun prestazioa arautzen duten foru dekretuak (40/2010 FD Araban; 198/2007 FDk aldatutako 98/2007 FD Bizkaian; eta 25/2009 FD Gipuzkoan) aztertuta, aplikazioan dauden aldeak ikusi ditugu.
Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak prestazio hori AMALen xedatutako gainontzeko prestazio eta zerbitzuekin (telelaguntza eta aldi baterako egoitza-arretarekin izan ezik) bateraezina dela xedatzen duen bitartean, Gipuzkoan eta Araban, prestazioa egoitza-arreta iraunkorrarekin eta ZLP jasotzearekin edo laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoarekin baino ez da bateraezina. Beraz, lurralde bi horietan, gerta daiteke FIZPE jasotzen duen pertsona eguneko egoitza batera joatea edota etxeko laguntza zerbitzuaren onuraduna izatea. Kasu horietan, prestazioaren zenbatekoa murriztu egingo litzateke. Honako koadroan prestazioa zerbitzu batekin edo bestearekin osatzen denean aplikatzen diren murrizketa ehunekoak aurkeztu ditugu.
|
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA |
EGUNEKO EGOITZAKO EDO OKUPAZIO-EGOITZAKO ARRETA |
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA + EGUNEKO EGOITZAKO EDO OKUPAZIO-EGOITZAKO ARRETA |
Arabako Foru Aldundia |
%25 |
%30 (arreta lanegunetan bada) %20 (arreta asteburuetan bada) %45 (arreta etengabea bada) |
Aurreko murrizketen batuketa gehienezko %65 arte |
Bizkaiko Foru Diputazioa |
Ez dira bateragarriak: prestazioa jasotzen bada ezin da zerbitzua jaso |
||
Gipuzkoako Foru Aldundia |
%20 |
%50 |
%60 |
Aldi baterako egonaldiei, zentro soziosanitario psikiatriko edo antzekoetan sartzeari dagokienez, Gipuzkoan 2 hiletik gorako jarraikako egonaldiak prestazioa behin-behinean etetea dakar. Araban, dekretuak adierazten duenez, prestazioa "bateraezina izango da mendeko pertsona egoitza edo ospitale zentro batean hilabetetik gorako jarraikako epean sartzearekin"; FIZPE egonaldiari dagozkion egunetan etengo da. Halaber, mendeko pertsonak hilabeteko edo gutxiagoko epeetan sare publikoaz kanpoko egoitza-zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan aldi baterako sartzeko laguntza ekonomikoak jasoz gero, FIZPE haiekin bat datorren epeetan etengo da. Bizkaiak, hasieran adierazi legez, prestazio ekonomikoaren eta aldi baterako egoitza-arretaren arteko bateragarritasuna jasotzen du.
Zaintzailearen betekizunei dagokienez, adin nagusikoa izan eta legezko bizilekua eduki beharko du beti, baina desberdintasun batzuk ikusi ditugu: hiru dekretuek jasotzen dute senidea izan beharra (hirugarren gradua arte), baina Gipuzkoakoak baino ez du jasotzen betekizun horretarako salbuespena erlijiosoek euren komunitateko beste kideei emandako[52]. Bizkaian, mendetasuneko egoeran dagoen pertsonaren bizilekuaren inguruneak baliabide publiko edo ziurtatutako pribatu nahikorik ez duenean, despopulaturik dagoenean, edo inguruabar geografikoek edo bestelakoak beste motetako arreta galarazi edo zailtzen dutenean, administrazio eskudunak, salbuespenez, adierazi senidetasun gradua izan gabe, mendeko pertsonaren udalerrian edo auzoko batean bizi den bere inguruneko pertsona batek zaintza ez profesionalak ematea baimendu ahalko du, pertsona hori bertan lehenago urtebetez bizi izan bada. Araban, senidetasunaren betekizuna salbuesten da III. graduko mendeko pertsonaren zaintzaile ez profesionala bizileku berean erroldatuta badago eta arreta-zerbitzu profesionalizatu edo ordaindu bati lotuta ez badago.
Hiru lurraldeetan, zaintzaileak bete beharreko beste betekizunetako bat onuradunarekin bizitzea da. Arabako Foru Aldundia da elkarbizitza hori gutxienez BAP egin baino urtebete lehenagotik izatea eskatzen duen bakarra. Eskakizun horrek zenbait arazo dakartza, herritarren zenbait kexa izapidetzerakoan ikusi dugunez.
Arabar aldundiak beste lurralde bietan ez dauden salbuespenak ezarri dizkio elkarbizitzaren betekizunari. Horrela, onuraduna III. graduko mendekoa denean, zaintzailea beste bizileku batean –Arabako lurraldean beti– erroldatuta egon ahalko da, edo bizileku berean urtebete baino gutxiagoz erroldatuta egon, honako egoeraren bat gertatzen bada:
– Zaintzailea mendeko pertsona zaintzeko haren bizilekura benetan joatea.
– Mendeko pertsona zaintzailearen bizilekura eramatea zaindua izateko.
– Aldian aldiko lekualdatze edo familia txandakatzeko egoeretan, mendeko pertsona edo zaintzaileak mugituz.
– Mendeko erabiltzailea zerbitzu publikoak, hala nola ELZ, eguneko arretako landa zentroa, eguneko egoitza, okupazio-zentroa eta egoitzetako eguneko arreta, erabiltzen dituenean, haien bidez mendeko pertsonaz behar bezala arduratzen den zaintzailea dagoela frogatzen bada.
Ez da elkarbizitza salbuespenik aplikatuko, mendeko pertsonak mendetasuneko III. gradua onartuta badauka ere, zaintzailea, beste lurralde historiko edo erkidego batetik etorrita, Arabako Lurralde Historikoan erroldatu eta mendeko pertsonarekin edo alderantziz erroldatuta urtea betetzen ez badu.
Arabako dekretu berriaren aurretik, banakako prestazio bakoitzaren zenbatekoa gutxitzea ezartzen zen, bizileku berean bizi ziren pertsona bi edo gehiagok laguntza ekonomiko hura jasoz gero. Hori ez zen beste lurralde bietan gertatzen. Erakunde honek izapidetutako kexak aztertzeko atalean, neurri horren aurka daukagun jarrera eta haren arrazoiak aipatu dira, baita erakundeak izandako esku-hartzea herritarrek egoera hori salatzeko izandako kexa espediente batzuetan. Txosten horretako bizi-historietako batek (6. kapitulua 5. atala) halako neurri batek ekar zitzakeen ondorioak erakusten ditu. Zorionez, foru administrazioa harbera izan da, irizpidea aldatu eta arauketa berrian neurria ezabatu baitu.
Gipuzkoako Aldundiak ez du onartzen bizileku berean edo beste batean mendeko pertsona bi baino gehiagorentzako laguntzaile pertsonal jarduteko.
Arabako dekretuak zaintzarako egokitasuntzat zer jotzen den zehazten du: zaintzaileak ahalmen fisiko eta psikiko nahikoa izan beharko du bere buruz zaintza eta laguntza zereginak behar bezala burutzeko. Oinarrian, beste pertsona bati AMALeko 2.3 artikuluak aipatzen dituen eguneroko bizitzako jardueretan laguntzean edo pertsona horrek horretarako behar dituen laguntzak izatean dautza. Beraz, bat dator AMASen Lurralde Batzordearen FIZPEren kalitatea hobetzeko Erabakiaren zentzuarekin –Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko otsailaren 3ko Ebazpenaren bidez argitaratua–. Erabaki horretan, eta kontu horri dagokionez, zaintzaileak onuradunari aipatu jarduerak egiteko laguntza behar duenean arreta emateko arduraldi nahikoa izan beharra azpimarratzen du eta, irizpide orokor gisa, xedatzen du bera mendeko egoeran ez egotea, laguntza osagarriak egon ezean. Lurralde Batzordeak, azaroaren 4ko Ebazpenaren bidez argitaratutako 2010eko urriaren 28ko Erabakian, dirudienez, bere jarrera indartu du, kasu honetan, laguntza osagarriei buruzko salbuespena alde batera utziz. Izan ere, Erabaki horretan, Batzordeak FIZPEren izaera berezia bermatu bahi du, horretarako prestazio hori eskuratzeko betekizunak eta baldintzak gehiago zehaztuz[53]
Zenbatekoen kalkuluari buruz ere aldeak ikusi ditugu. Bizkaiak Estatu mailan xedatutako zenbatekoak aplikatu ditu[54] (2008an izan ezik, gorantz biribilduz apur bat aldatu baitzituen), gaitasun ekonomikoaren araberako koefiziente murriztaileak aplikatu gabe. Gipuzkoak eta Arabak, aldiz, onuradunaren errendimenduen araberako kenketak egin dituzte. Gipuzkoak aplikatutakoak 4. taulan aurreratu ditugu. Jarraian, Arabako Foru Aldundiak aurreikusitakoak jarri ditugu.
URTEKO ZERGA-OINARRIA GUZTIRA |
KENKETAREN EHUNEKOA |
20.000 euro arte |
%0 |
20.000,1 eta 39.999,99 euro artean |
%10 |
40.000,1 eta 59.999,99 euro artean |
%20 |
60.000 eurotik gora |
%25 |
Kasu batean zein bestean, gutxi gorabehera 1.600 eurotik beherako errentak dauzkatenek prestazioa osorik jasotzen dute. Errenta horietatik aurrera, eta mailaka, kenketa egiten da eta, ikusi dugunez, Araban %25 arte eta Gipuzkoan %30 arte irits daiteke.
Gipuzkoak kalkulatzeko Estaturako urtero ezarritako zenbatekoak hartu ditu oinarri. Arabak, ordea, nabarmen handitu ditu zenbateko horiek (%20 eta %24 artean) III. graduko 1. mailako eta II. graduko 2. mailako mendetasuna duten pertsonentzat, eta Estatuko mailari eutsi dio III. graduko 2. mailarako eta II. graduko 1. mailarako. 2007an, prestazioa II. graduko 2. mailan jotako pertsonei ere zabaldu zien, AMAL ezartzeko egutegiaren arabera haien eskubideak artean eraginkorrak izan ez arren (ikus gehienezko zenbatekoei buruzko kapitulu honetako 8. koadroa).
Puntu honetan gogoratu behar da Arabako Lurralde Historikoan etxean mendeko adineko senideei arreta ematen dieten pertsonentzako laguntza ekonomikoak daudela. Laguntza horiek familia unitatearen urteko errenta bateratua 15.600 euro baino gehiagokoa ez denean ematen dira. 2008an FIZPEren osagarriak izan ziren, baina 2009az geroztik bateraezinak dira. Errenta baxuen kasuan, FIZPE baino hobeak dira, ekonomikoki.
Prestazio horren eskaeraz ebazteko gehienezko epeari dagokionez, Araban hiru hilekoa da prestazio ekonomikoa osatzeko datuen eta dagozkion agirien sarrera erregistratzen direnetik. Gipuzkoak xedatu du espedientea hiru hiletan ebatziko dela, eskabidea aurkeztu denetik zenbatuta. Bizkaiak 2 hiletan ezarri du, une beretik zenbatuta.
Bizkaian, ebazpen horrek bide administratiboa agortzen du eta, beraz, haren aurka aukerako berrezartzeko errekurtsoa jarri behar da, foru diputatuaren aurrean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean. Araban eta Gipuzkoan ebazpenak ez du bide administratiboa agortzen eta lehenago gorako errekurtsoa aurreikusten da. Administrazioaren isiltasuna baiezkoa da Araban eta ezezkoa Bizkaian eta Gipuzkoan.
Onuradunen betebeharren artean, hiru lurraldeetan dago prestazioa aldaraz, etenaraz edo bukaraz lezakeen edozein aldaketa jakinaraztekoa. Horretarako, Gipuzkoak eta Bizkaiak 30 eguneko epea ezarri dute aldaketa gertatzen den egunetik eta Arabak 15 egunera mugatu du.
Bizkaiak prestazioa emanarazi zuten baldintzak urtero berrikustea aurreikusten du. Aipatu dugun Lurralde Batzordearen FIZPEren kalitatea hobetzeko Erabakiak zaintzen kalitatearen halako jarraipenen garrantzia azpimarratu eta hari buruzko irizpide batzuk xedatzen ditu. Besteak beste, zaintzailearen prestakuntza ekintzak[55].
Dekretu berri horretan, Arabako Foru Aldundiak eskatzen du onuraduna BAP sinatzeko unean eta prestazioak indarrean dirauen epe osoan Arabako Lurralde Historikoan benetan bizi dadila. Bestalde, arauketa berriaren bidez, argitzen du eskatzailea BAP egin aurretik zentzen bada ez dela prestaziorik jasoko.
c) Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPPE)
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren xedea mendetasun handia duten pertsonen autonomia sustatzea da. Haren helburua honakoa da: "ordu kopuru baterako, laguntza pertsonala kontratatzen laguntzea, onuradunari hezkuntza eta lana eskuratzea eta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiterakoan bizimodu autonomoa lortzea errazteko" (AMALeko 19. artikulua).
EAEn honako foru dekretuak aplikatzen dira:
– Bizkaian, ekainaren 19ko 99/2007 FD (azaroaren 6ko 199/2007 FDk aldatua).
– Gipuzkoan, adierazi denez, hiru prestazio ekonomikoak dekretu berean arautu dira –uztailaren 21eko 25/2009 FD, azaroaren 20ko 133/2007 FD indargabetzen duena–.
– Araban, otsailaren 12ko 11/2008 FD.
Prestazio hori aplikatzeko desberdintasun nagusia onuradunari eskatzen zaizkion sartzeko baldintzetan aurkitu ditugu. Arabak eta Bizkaiak onuradunari hezkuntza edo lan eremuan jarduerak egiten aritzea eskatzen dioten bitartean, Gipuzkoak, kasu horiek jaso ez ezik, laguntza pertsonalak eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiterakoan bizimodu autonomoagoa erraztea xede duen beste kasuei ere zabaltzen die prestazioa onartzea. Horri esker, Gipuzkoan, eskuratzeko betekizunen bat ez betetzeagatik FIZPE eskuratzerik ez duten pertsona askok laguntza pertsonalaren prestazioa lortzen dute.
Horrek azaltzen du, esaterako, 2010eko urriaren 1ean, Gipuzkoan 1.246 LPPE eman diren bitartean[56], Bizkian bakarra eta Araban batere ez abiatu izana.
Arabak eta Bizkaiak xedatu dute onuradunak behar dituen zerbitzuak erabakitzeko, haiek kontrolatzeko eta bere laguntzaile pertsonalari haiek burutzeko moduari buruzko jarraibideak bere buruz emateko gaitasuna izan behar duela. Gipuzkoan ez da betekizun hori aipatzen, eta hiru urtez gorakoa izatea baino ez da xedatu.
Bateraezintasunen araubideari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz ere, telelaguntza zerbitzuarekin eta aldi baterako egonaldiko egoitza-arretarekin izan ezik, AMALen aurreikusitako gainontzeko prestazio eta zerbitzu guztiekin bateraezina dela xedatu du. Gipuzkoan, FIZPEren kasuan bezala, prestazio hori bateragarria da eguneko arreta-egoitza, okupazio-arreta, aldi baterako egonaldi, telelaguntza eta zentro soziosanitario, psikiatriko edo antzeko zentroen zerbitzuekin. Zentzu berean, Arabak egoitza-arreta iraunkorrarekin baino ez du bateraezintasuna ezarri.
Gipuzkoan, LPPE jasotzen duenari, beste zerbitzu bat edo batzuk aldi berean erabiltzeak FIZPErako 6. taulan aurkeztutako kenketak aplikatzea dakar. Arabako Aldundiak, aldiz, ez du prestazioaren murrizketa ehunekorik ezarri halako kasuetan.
Hiru lurraldeetan antzeko betekizunak ezarri zaizkio laguntzaile pertsonalari: legezko bizilekua, adin nagusikoa izatea, Gizarte Segurantzari dagokionez afiliazio, alta eta kotizazio baldintzak betetzea eta esleitutako zereginerako egokia izatea, eta hirugarren gradu arteko senidetasunik ez izatea.
Ebazteko gehienezko epea eskabidea aurkezten denetik hiru hilekoa da Araban eta Gipuzkoan eta bi hilekoa Bizkaian. Berriz ere, administrazioaren isiltasuna baiezkoa da Araban eta ezezkoa Bizkaian eta Gipuzkoan. Ebazpenaren aurka jar daitezkeen errekurtsoei dagokienez, FIZPEri buruzko atalean adierazitako alde berberak ikusi ditugu.
Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeari dagokionez, Arabak eta Bizkaiak urtero onartu dituzte gehienezko zenbatekoak Estatu mailan ezarritakoen arabera (Bizkaiak 2008an baino ez du gorako biribiltze txikia egin). Gipuzkoak, prestazio honetan ere, zenbateko horiei 4. taulan aurkeztutako murrizketak aplikatzen dizkie.
Jarraian, hiru prestazioen zenbatekoei buruz azaldu dugun informazioa hobeto ulertzen laguntzeko koadro bat aurkeztu dugu.
|
Prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak |
|||
Graduak eta mailak |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa |
Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa |
|
III. gradua |
780 |
487 |
GS + LH: 74 |
780 |
III. gradua 1. maila |
585 |
390 Araba: 487 |
585 |
|
II. gradua |
− |
− Araba: 390 |
− |
|
Prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak |
|||
Graduak eta mailak |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa |
Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa |
|
III. gradua |
811,98 Araba: 1.000 |
506,96 Bizkaia: 507 |
GS + LH: 153,93 |
811,98 Bizkaia: 812 |
III. gradua |
608,98 Araba: 1.000 |
405,99 Araba: 506,96 Bizkaia: 406 |
608,98 Bizkaia: 609 |
|
II. gradua |
450,00 Araba: 1.000 |
328,36 Araba: 405,99 Bizkaia: 329 |
|
|
II. gradua |
− Araba: 610 |
|
|
|
I. gradua |
− Araba: 508,00 |
|
|
|
I. gradua |
− Araba: 508,00 |
|
|
|
|
Prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak |
|||
Graduak eta mailak |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa |
Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa |
|
III. gradua |
831,47 Araba: 1.000 |
519,13 |
GS + LH: 160,13 (158,67+1,46) |
831,47 |
III. gradua |
623,60 Araba: 1.000 |
415,73 Araba:506,96 |
623,60 |
|
II. gradua |
460,80 Araba: 1.000 |
336,24 Araba:405,99 |
|
|
II. gradua |
400,00 Araba: 610 |
300,00 |
|
|
I. gradua |
− Araba: 508,00 |
|
|
|
I. gradua |
− Araba: 508,00 |
|
|
|
|
Prestazio ekonomikoen gehienezko zenbatekoak |
|||
Graduak eta mailak |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa |
Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa |
|
III. gradua 2. maila |
833,96 |
520,69 |
GS + LH 162,49 |
833,96 |
III. gradua |
625,47 |
416,98 Araba:506,96 |
625,47 |
|
II. gradua |
462,18 |
337,25 Araba:405,99 |
|
|
II. gradua |
401,20 |
300,90 |
|
|
I. gradua |
− |
|
|
|
I. gradua |
− |
|
|
|
d) Norberaren autonomia errazteko laguntza ekonomikoak
AMALeko hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Estatuko Administrazio Nagusiak eta autonomia erkidegoetako administrazioek berariazko hitzarmenak egin ahalko dituzte norberaren autonomia errazteko laguntza ekonomikoak emateko. Laguntzak honakoetarako izango dira:
– Pertsonari laguntzeko, laguntza teknikoen bere ohiko bizimoduan normaltasunez jarduteko behar diren edo tresnen bidez.
– Etxeko irisgarritasuna eta egokitzapenak erraztea, etxebizitzan mugitzeko gaitasuna hobetzen laguntzeko.
Laguntza horien izaera juridikoa diru-laguntzena da. Beraz, ez dira eskubide subjektiboa –aipatu zerbitzu eta prestazioen kasuan gertatu legez–; aitzitik, erabilgarri dagoen aurrekontuaren araberakoak izango dira.
Laguntza teknikoek, laguntza produktuak ere baderitzenek, duten xedea, ahal den heinean, minusbaliotasunak edo mendetasuneko egoerak eragindako mugak arintzea edo orekatzea da. Zentzu horretan, elementu horiek eguneroko bizitzako jarduerak egiteko irisgarritasuna eta norberaren autonomia errazten laguntzen dute, eta haien azken helburua erabiltzailearen bizi kalitatea hobetu eta bere ohiko ingurunean geratzea da. Produktu horiek mota askotakoak dira[58].
EAEn, foru aldundiek ematen dituzte produktuok, erosteko laguntza ekonomikoa emanez, edo maileguan edo alokairuan emanez, produktuak zenbait lagunek jarraian erabiltzea ahalbidetzen duenean. Urtero, aldundiek laguntza horiek eskuratzeko deialdiak onartzen dituzte.
Halaber, aldundiek egoera bakoitzerako produktu egokienari buruzko orientabide eta aholkularitza zerbitzua eta kasu bakoitzerako egokitzapen funtzional egokiak dauzkate. Geroago hitz egingo dugu horretaz.
AMAL indarrean sartu zenean, euskal aldundiek bazeuzkaten banakako laguntza ekonomiko horiek, minusbaliotasuna duten pertsonengan pentsatuta sortu zirenak –beraz, 65 urtez beherakoentzat–. Horrek eskatzen zuen mendetasuneko egoeran dauden pertsona guztiei zabaltzea, adina gorabehera. Zentzu horretan, aldundi bakoitzak bere prozesua izan du.
Gipuzkoakoak 2004an ezabatu zuen adin muga hori. Hortaz, AMAL onartu zenean deialdia minusbaliotasuna zuten edo mendetasuneko egoeran zeuden pertsona guztientzat zen. Horrela xedatzen du egungo araudiak (abenduaren 23ko 87/2008 Foru Dekretua; arau horretara bidaltzen dute urteko deialdiek). Laguntza horiek "Sendian" programan daude txertatuta (apirilaren 29ko 29/2008 Foru Dekretua). Haren helburua, zenbait laguntzaren bidez, pertsonak euren etxean geratzea da. Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak laguntza produktuei buruzko foru argibide zerbitzua dauka –Etxetek-. Produktuen erakusketa izateaz gain, haiei eta etxebizitzaren egokitzapenari buruzko aholkularitza eman, laguntza ekonomikoak izapidetu eta zenbait produktuen doako mailegua ematen du.
Bizkaian, 2009 arte egon da adin muga. 65 urte baino gutxiago izatea eskatzen zen eta betekizun horrek haiek behar zituzten pertsona asko uzten zituen laguntzotatik kanpo. Erakunde honek arrazoi hori dela-eta zenbait kexa jaso eta ofiziozko espediente bat izapidetu zuen, 2003an, Aldundiari adieraziz laguntza horiek eskuratzeko adinaren betekizuna kentzea komeni zela.
2009an, Bizkaiko Foru Aldundiak Norberaren autonomia sustatzeko laguntza produktuei buruzko foru orientabide zerbitzu publikoa –Gizatek– sortu eta haiek eskuratzeko baldintzak arautu zituen, otsailaren 17ko 24/2009 Foru Dekretuaren bidez. Zerbitzu berria adin orotako pertsonentzat da, minusbaliotasun edo mendetasuneko egoeraren batek eraginez gero. Produktua erosi, maileguan edo alokairuan hartzeko laguntzak eskaintzen dira. Halako produktuak eskuratzeko 2009ko diru-laguntza deialdian, beraz, ez zen adin betekizunik ageri eta irizpide hori erabili dute hurren deialdiek ere (2010erako, abenduaren 30eko 190/2009 Foru Dekretua).
Araban, laguntza deialdia minusbaliotasuna duten pertsonentzat da (65 urtez azpikoak) eta ez mendetasuneko egoeran daudenentzat. Urteko deialdiek (azkena, 2010erako) 2010eko apirilaren 30eko ALHAOn) martxoaren 10eko 17/1998 Foru Dekretuaren bidez onartutako araudira bidaltzen dute. 65 urtetik gorako pertsonentzat, baldintza bi ezarri dira: haien minusbaliotasuna adin hori bete aurretik onartua izatea eta adinekoentzako laguntzak ezin eskuratzea. Azken laguntza horiek ez dute berariazko legedirik, baina dirudienez, praktikan, oinarrizko elementu batzuk, hala nola ohe artikulatuak edo garabiak alokatzeko sisteman dautza.
Bestalde, Arabako Aldundiak produktu eta egokitzapen funtzionalik egokienei buruzko orientabide eta aholkularitza ere badauka: Norberaren Autonomia Zentroa. Adin orotako jendeari ematen dio arreta, baina ez dauka produktuen erakusketarik. Zentro horren proiekzioa eta eginkizunak ez dira beste aldundi bien berberak. Horrela, %65ko edo gehiagoko ezgaitasun fisiko batek jotako 18 eta 65 arteko pertsonentzako eguneko arreta-zerbitzua dauka. Zentro horretatik aldi baterako igarotzen da eta haien autonomia zenbait gaitasunetan indartzeko eta baliabide orokorrak eskuratzeko gaitzeko balio du.
Arestian esandakoetatik ondorioztatzen da Bizkaiak eta Gipuzkoak laguntza produktu katalogo zabal batetik erosi, mailegatu edo alokatzeko eta etxebizitza egokitzeko lanetarako laguntza ekonomikoak dauzkatela adin orotako mendeko pertsonentzat. Arabako eskaintza mugatuagoa da, alderdi horri dagokionez, baina ezgaitasun fisiko handia duten 18 eta 65 urte arteko pertsonentzako eguneko arreta-zerbitzua dauka.
Bestalde, hiru aldundietan, laguntza ekonomikoak lortzeko ez da familia diru-sarrera maila jakin bat gainditu behar. Horri dagokionez, garrantzitsua da familia edo elkarbizitza unitatea zelan definitzen den. Mendeko pertsonaz gain, Bizkaian, unitate hori haren ezkontideak edo izatezko bikoteak, minusbaliotasunen bat duten pertsonek eta 26 urte arteko seme-alabek osatzen dute. Araban, etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek osatzen dute, eta Gipuzkoan, eskatzailearekin bizi diren lehen graduko senideek. Beraz, diru-sarrera jasotzaile batzuk egonez gero, laguntza lortzeko aukerak asko murrizten dira. Horri dagokionez, gogoratu behar da AMALek prestazioak eskuratzeko diru-sarrerak aintzat hartzeko aukera jasotzen duela (33. artikulua), baina norberaren diru-sarrerei buruz ari da eta ez familiarenei buruz.
Norberaren autonomia errazteko beste tresna bat bono-taxia deritzona da. Taxi zerbitzua erabiltzeko laguntza ekonomikoa da, minusbaliotasun edo mendetasuneko egoeragatik, mugikortasun arazo handiak eta garraio publikoa erabiltzeko arazo bereziak dauzkaten pertsonentzat. Hala ere, haren ezarpenari dagokionez, lurraldeen arteko alde handiak daude. Horrela Bizkaiak ez dauka zerbitzua.
Gipuzkoan (abenduaren 23ko 88/2007 FD), laguntza eskuratzeko 12 urte beteta izan behar dira, baina ez da gehienezko adinik ezarri. Onuradunak mugimendu funtzioetan mugak dauzkatenak edo bestelako minusbaliotasuna edo inguruabar berezi batzuk (ikusmen eta entzumen arazo larriak dituzten pertsonak; herriko komunitate zerbitzuetara joateko garraio egokirik izan gabe landa eremuetan edo gune sakabanatuetan bizi diren 65 urtez gorako edo minusbaliotasuna duten pertsonak, etab.) izateagatik mugikortasuna oso baldintzatuta dutenak izan daitezke.
Araban, zerbitzua ez dago lurralde osora zabalduta, Aldundiarekin hitzarmena sinatu duten tokiko erakundeetara baizik (Aguraingo Kuadrilla eta Gasteiz, Amurrio, Arrazua-Ubarrundia, Laudio eta Aiara udalerriak). Zerbitzua mugikortasuna murriztuta duten 12 urtez gora eta 65 urtez beherakoentzat da. Adin horretatik gorakoak kanpoan uzteagatik, erakunde honek ofiziozko espediente bat izapidetu du.
Autonomia esparruan, Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak etxeak eta haien sarbideak ezinduei buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko lanak egiteko laguntzak ematen ditu. Etxebizitza birgaitzeko finantza neurriei buruzko 2006ko abenduaren 29ko Aginduaren bidez (2007ko urtarrilaren 25eko 18. EHAA) arautu dira. Ezgaitasun fisikoa duten pertsonei oztopo arkitektonikoak kentzea edo zentzumen urritasuna duten pertsonentzat egokitzea dakarten lanen eta instalakuntzen kostua ordaintzeko laguntzak dira. Lan horietan, gutxienez, honakoak sartzen dira:
– Komunitate lanak:
a) Bide publikotik ibilbide egingarri orokorra sortuz, oztopo arkitektoniko guztiak kentzen dituzten igogailuak jartzea.
b) Bide publikotiko sarbideen eraberritzeak, oztopo arkitektonikoak kentzeko.
– Lan partikularrak:
a) Barruko eraberritzeak oztopo arkitektonikoak kentzeko edo zentzumen urritasuna dutenei egokitzeko.
b) Bainugelak eraberritzea bainuontziak kentzeko (bainuontziaren ordez dutxa jartzea).
Interesatuek mota biko finantza neurriak lor ditzakete: Kreditu establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak edota Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak berak fondo galdura emandako diru-laguntzak. Bestalde, eraberritze lanak zerga hobariak lortzeko ondorioetarako zenbatu daitezke.
e) Familia bizitza eta lanbidea bateratzeko laguntza ekonomikoak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak laguntzak eskaintzen dizkie mendetasuneko egoeran edo osasun egoera oso larrian (gaixotasun terminalak edo ezkontideak eta seme-alabak ezgaitu dituzten istripuak) dauden senideak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileei. Uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua indargabetu duen familia bizitza eta lanbidea bateratzeko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak laguntzak aurreikusten ditu pertsona horiek ordezkatzen dituzten enpresentzat ere. Araudi aldaketari esker, orain arte kanpoan geratzen ziren zenbait egoera (osasun egoera larrikoa, esaterako) jasota geratu dira.
[44] Horrela, zenbatekotik honakoak kenduko lirateke: baliaezintasun handiko osagarria, %75etik gorako minusbaliotasun gradua duen 18 urtez gorako ardurapeko seme-alabagatiko prestazio ekonomikoaren osagarria, hirugarren pertsona batek kotizazio gabeko baliaezintasun pentsioa behar izateagatiko osagarria, haiek denak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 139.4, 182 bis.2c eta 145.6 artikuluetan jasota –ekainaren 20ko 1/1994 legegintzako Errege Dekretuak onartutako Testu Bategina–. Halaber, Minusbaliatuak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeko (MIGL) 12.2.c) artikuluan xedatutako hirugarren pertsona bati laguntzeko subsidioa ere kenduko da.
[45] Aldi baterako egonaldien kasuetarako laguntzei eutsi zaie.
[46] Zaintzailearen atseden edo oporrei dagokienez, gehienez ere urteko 30 egun natural ordainduko dira; gainontzeko kasuetan, gehienez ere urteko 3 hilabete (edo 4 salbuespenez).
[47] Orokorrean, zerbitzuetarako lurralde esparru egokia eskualdea da, ezgaitasun moten araberako mendeko pertsonentzako egoitza-arreta iraunkorreko zentroetarako izan ezik, haietan esparrua Gipuzkoako Lurralde Historiko osoa baita.
[48] 2007rako zenbatekoak azaroaren 20ko 133/2007 Foru Dekretuko Eranskinean daude. Ondorengo urteetakoak Diputatuen Kontseiluaren erabakien bidez onartu dira:
2008ko otsailaren 5ekoa 2008koetarako (2008.2.28ko GAO).
2009ko urtarrilaren 21ekoa 2009koetarako (2009.3.17ko GAO).
2010eko urtarrilaren 26koa 2010eko gehienezko zenbatekoetarako (2010.3.16ko GAO).
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean erabakiaren onarpenaren berri baino ez da ematen, zenbateko zehatzak aipatu gabe.
[49] Prestazioei buruzko atal honen amaieran, Errege Dekretuz ezarri diren gehienezko zenbatekoei buruzko koadroak jarri ditugu. Arabako Foru Aldundiak babes maila gehigarria erabakitzeko duen ahalmenaz egin duen erabilerari buruzko agerpenak urdinez idatzi ditugu.
[50] % = 100 – {(hileko gaitasun ekonomikoa – urte horri eta elkarbizitza unitateko kide kopuruari dagokien Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa) * 0,00060} * 100. Edonola ere, urte horri eta elkarbizitza unitateko kide kopuruari dagokien Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoaren pareko hileko gaitasun ekonomiko pertsonala edo txikiagoa duten erabiltzaileek zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoan onartuta daukan mendetasun gradu eta mailari dagokien gehienezko zenbatekorako eskubidea izango dute, eguneko eurotan adierazita (€/egun). Halaber, onuradunek ezingo dute jaso onartuta daukaten mendetasun gradu eta mailari dagokien gehienezko zenbatekoaren %40 baino gutxiagoko prestazio ekonomikorik, hura ere eguneko eurotan (€/egun).
[51] Ikus Gizarte Segurantzaren sistemako hitzarmen berezia arautzen duen urriaren 13ko TAS/2865/2003 Agindua aldatzen duen irailaren 7ko TAS/2632/2007 Aginduko 28. artikulua.
[52] Aldaketa erakunde honek proposatuta egin du foru administrazioak. Ikus kexa izapidetuei buruzko 5. kapitulua.
[53] "1. Onuradunak familia inguruneko zaintzak mendetasuneko egoeraren onarpena eskatu aurretik jasotzea eta baliabide publikorik edo ziurtatutako pribaturik ez egoteagatik zerbitzurik onartzea ezinezkoa izatea.
2. Zaintzailea mendetasuneko egoeran dagoen pertsonarekin bizileku berean bizitzea.
3. Zaintzaileak mendetasuneko egoera edozein gradutan onartuta ez izatea.
4. Mendetasuneko egoeran dagoen pertsonaren bizilekuaren landa inguruneak baliabide publiko edo ziurtatutako pribatu nahikorik ez duenean, despopulaturik dagoenean, edo inguruabar geografikoek edo bestelakoak beste motetako arreta galarazi edo zailtzen dutenean, administrazio eskudunak, salbuespenez, maiatzaren 11ko 615/2007 Errege Dekretuko 1.1 artikuluan xedatutako senidetasun gradua izan gabe, mendeko pertsonaren udalerrian edo auzoko batean bizi den bere inguruneko pertsona batek zaintza ez profesionalak ematea baimendu ahalko du, pertsona hori bertan lehenago urtebetez bizi izan bada.
Arestiko paragrafoan aurreikusitako kasuan, zaintzaileek ezarritako gainerako betekizunak bete beharko dituzte, bizileku berean bizitzeari dagokiona izan ezik. Onuradunaren premietarako prestaziorik egokiena ezartzen duen Banakako Arreta Programan, berariaz adierazi beharko da zergatik ezin den zerbitzu bat edo zerbitzu horri lotutako prestazio ekonomikoa proposatu.
Mendetasuneko egoeran dagoen pertsonak bere mendetasun gradu eta mailarako aurreikusitako zerbitzu bat jasoko balu, prestazioak onartzeko ebazpenean gutxienez zerbitzu berari edo intentsitate bereko beste zerbitzu bati eutsi beharko zaio. Zerbitzu hori inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoarekin bateraezina bada, ez da azken hura onartuko.
Halaber, kontuan hartu beharko dira Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen zaintzaile ez profesionalen prestakuntza eta informazioa frogatzeko irizpide komunei buruzko Erabakia –2009ko irailean hartua eta Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2009ko azaroaren 4ko Ebazpenaren bidez 27an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua–; eta Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren kalitatea hobetzeko Erabakia –2010eko urtarrilaren 25ean hartua eta Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko otsailaren 4ko Ebazpenaren bidez martxoaren 12an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua–; hori dena, erabaki honetan xedatutakoaren aurkakoa ez den heinean".
[54] Honako foru dekretuen bidez:
2007: 98/2007 eta 99/2007 Foru Dekretuak, ekainaren 19koak biak.
2008: 7/2008 Foru Dekretua, otsailaren 5ekoa.
2009: 27/2009 Foru Dekretua, otsailaren 24koa.
2010: 68/2010 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa.
[55] Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2009ko azaroaren 4ko Ebazpena, zeinen bidez Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen zaintzaile ez profesionalen prestakuntza eta informazioa frogatzeko irizpide komunei buruzko Erabakia argitaratzen baita. Erabaki horretan, informatzeko eta orientatzeko, prestakuntza programei buruzko irizpide batzuk jaso dira, edukiei eta metodologiari dagokienez, baita, giza baliabideei eta baliabide materialei buruzko kontuak ere.
[56] Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako informazioaren arabera.
[57] Beltzez idatzitako zenbatekoak urtero Estatuko Gobernuak Errege Dekretuz onartutakoei dagozkie. Berdez, AMALeko mailakako aplikazioaren arabera, ekitaldi horretan eraginkorra ez zen mailaketa idatzi dugu. Aldundiek bere egin dituzte zenbateko horiek euren lurralde esparrurako, urdinez edo gorriz idatzitako zenbatekoetan izan ezik. Urdinez idatzitakoan Arabak, babes maila gehigarria ezartzeko bere ahalmena erabiliz, estatuko zenbatekoa handitu duenean ezarri dituen zenbatekoak dira. ZLPri dagokionez, igoera horrek Arabako Lurralde Historikoan eskaera egindako egunaren aurre-aurretik hiru urtez jarraian erroldatuta egon izana frogatzen dutenentzat baino ez du balio. FIZPEren kasuan, herritar guztientzat dira. Bizkaian 2008an egindako biribiltzea gorriz idatzi da.
[58] Norberaren zaintzarako produktuak (garbiketarako, ohetik jaikitzeko, oheratzeko edo ohean geratzeko...), mugikortasuna erraztekoak (gurpil-aulkiak, ibilgailuen egokitzapenak...), gizarte komunikazioa erraztekoak (audifonoak, sistema informatikoak...) etxeko oztopoak kentzekoak, etab.